Ostegun honetan, maiatzaren 14an, 125 urte beteko dira Orion balea harrapatu zenetik. Egun seinalatuari lotutako ekitaldi nagusiak asteburuan egingo badira ere, ostegunean herriko sormenaz eta txarangaren musikaz gozatzeko aukera izango da arratsaldean Herriko Plazan eta inguruko kaleetan. Gero, iluntzean, bertso-afaria izango da Balea Elkartean.
Sormen Bizian Lab
Hezkuntza Mahaiak pasa den martxoan aurkeztu zuen Sormen Bizian Lab egitasmoa, Orioko haur eta gazteen sormena eta literaturzaletasuna sustatzea helburu duen ekimena. Nerea Loiola idazleak eta Eneritz Ibarra ilustratzaileak astebeteko tailerra eman zieten Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleei, hitza eta irudia lantzeko. Lehen edizioan, hain zuzen, LH5eko eta DBH1eko ikasleek hartu dute parte, eta balea izan dute inspirazio-iturri.
Bada, tailerretan landutako ilustrazioak eta ipuinak ostegun honetan erakutsiko dituzte jendaurrean. Eguraldi ona eginez gero, Herriko Plazan egingo dute erakusketa eta ekitaldi txikia, 17:00etatik aurrera, eta aldiz, eguraldia eskasa bada, udaletxeko udalbatzarraren aretoan.
Lanak ikusteko interesa duten herritar guztiak daude gonbidatuta saiora. Ilustrazioak ikusgai izango dira, eta ipuinak, aldiz, orri-markatzaile gisa prestatu dira. Datozen egunetan Orioko txoko ezberdinetan jarriko dira orri-markatzaileak, herritarren eskura.
Musika eta kantu-afaria
Jarraian, 19:00etatik aurrera, herriko txaranga ibiliko da kalez kale, festa girotzen. Eta amaitzeko, 20:00etatik aurrera, bertso-afaria egingo da Balea Elkartean, Errikotxia bertso eskolarekin elkarlanean.
