Europako Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen aitortza jaso du Oriok Bruselan

Oriok Europako Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen zilarrezko dominak jaso ditu hautagaia zen bi kategorietan: 50.000 biztanletik beherako toki-erakundeen kategorian eta Merkataritza Inklusiboaren sari berezian. Europako Batzordeak Bruselan egin zuen sari-banaketa ekitaldia asteartean, eta bertan izan ziren Anuska Esnal Orioko alkatea, Adrian Garcia Merkataritza eta Turismo teknikaria, eta Saioa Iraola Berdintasun eta Hezkuntza teknikaria. 

Sari-banaketa ekitaldiaren ondotik, hainbat lansaio antolatu zituzten atzo hautagaiak izan diren herri eta hirietako ordezkarientzat, eta Oriotik joandako lantaldeak positiboki baloratu du Bruselara egindako bidaia, sari honek Orio nazioartean kokatzen lagunduko duelako.

Izan ere, sariak aitortza zuzena egiten dio azken urteotan Marea Bizian markoaren baitan sustatu den herri-ereduari: kohesio soziala, eraldaketa komunitarioa eta pertsonen bizitzak erdigunean jartzen dituzten politika publikoetan oinarritutako jarduna. Europako Batzordeak emandako garaikurrak agerian uzten du herri mailan egindako lanak tokiko eremua gainditu eta Europako berdintasun, inklusio eta antiarrazakeria politikekin bat egiten duela. 

Bi sari, hiru proiektu

Orioren hautagaitza, hain zuzen, hiru proiektu eta lan-ildo nagusitan oinarritu da: herriko eragileekin elkarlanean iazko udazkenean martxan jarri zen Parrilla Festa herrikoia; Udalak azaroan aurkeztu zuen Bizitza Askeak Plazer herri mailako estrategia partekatua; eta Saregile Orioko Emakumeon Etxea*, 2023tik martxan den azpiegitura komunitarioa, berdintasun politikak, ahalduntzea, zaintza eta saretzea uztartzen dituena. 

Finalisten artean izan dira, besteak beste, Errenteria, Azpeitia, Hannover, Leiden, Leuven eta Milan; eta testuinguru horretan, Orio bezalako herri txiki batek bi kategoriatan zilarrezko domina jasotzea lorpen handia da. Herrian egiten ari den bideak agerian uzten du tokiko politika publiko ausartek eta komunitatearekin elkarlanean eraikitako proiektuek eragin handia izan dezaketela gizarte-ehunean garapenean.

Lanean jarraitzeko borondatea

Udalarentzat aitortza hau ez da helmuga bat, bidean aurrera egiten jarraitzeko akuilua baizik. Bide luzea dugu aurretik, baina Bruselan jasotako sariak azken urteotan egindako lanaren fruituak eta landutako herri-ereduaren oinarri sendoak bistaratu ditu.

Horregatik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie beren hondar-alea jarri duten herritar, elkarte, teknikari eta eragileei. Parrilla Festan, Bizitza Askeak Plazer estrategian eta Saregilen egindako lan partekatuak erakutsi du Orio bezalako herri txiki bat Europan erreferente izan daitekeela.