«Egin nirekin ere euskaraz!» kanpaina berraktibatu du UEMAk

2023an ekin zion UEMAk «Egin nirekin ere euskaraz!» kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko. Ekimen horren aterkipean, bigarren kanpaina jarri du martxan orain UEMAk, beste herrialdeetatik etorri diren eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko.

Kanpainan herri hauetako ostalari eta merkatariak agertzen dira: Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibia. Euskara ez da beren lehen hizkuntza, baina ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik edota aurreiritziengatik, erdaraz hitz egiten diete herritarrek eta, horrela, nolabait ere, kanpotar direla seinalatzen diete. Berek, ordea, ondo dakite euskara dela zubirik ederrena gure euskal komunitatera sartzeko, eta estimatzen dute herritarrek berei ere euskaraz egitea. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako.

2023ko kanpainaren irudia bateko eta besteko haurrek eta nerabeek osatu zuten, eta ekimenak oihartzun ederra izan zuen sareetan eta hedabideetan. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek dira, beraz, kanpainaren bigarren aldi honetako protagonistak.

Jarraian duzue kanpainaren bideoa, eta lotura honetan, informazio zabalagoa.