Ekitaldietarako sarrerak online eskuratu ahal izango dira aurrerantzean

Herritarren eskaerari erantzunez eta sistema eguneratzeko asmoz, Udalak antolatutako ekitaldietarako sarrerak online erosteko aukera izango da aurrerantzean. Udalaren webgunetik egingo da lotura Entradium plataformara eta, urrats erraz batzuk jarraituta, sarrerak posta elektronikoan jasoko ditu erabiltzaileak.

Orain arte, Udalak antolatutako jardueretarako sarrerak kultur etxean soilik izan dira eskuragai. Ekitaldia baino astebete lehenago jartzen dira salgai eta, kasu batzuetan, erreserba telefonoz egiteko aukera eskaini da. Herritar askorentzat, ordea, ez da sistema erosoa, bereziki, ordutegiagatik, eta, gainera, ilara luzeak sortu izan dira emankizun jakin batzuetan.

Horregatik, sistema eguneratzeko eta bizkortzeko, kultur etxean ez ezik, sarrerak online ere erosteko aukera izango da aurrerantzean.

Horretarako, Orioko Udalaren webguneko Agenda atalean sartu beharko da. Jarduera aukeratutakoan, egunari, ordutegiari eta lekuari lotutako ohiko informazioaz gain, sarrerak erosteko botoia topatuko du erabiltzaileak, eta haren bidez, Entradium plataformara joango da zuzenean, bertan erosketa egiteko.

Aste honetan, martxan

Sistema berria aste honen amaieran aktibatuko da, eta otsailaren 25eko Mugaldekoak taldearen emankizunerako sarrerak jarriko dira eskuragai. Dena dela, hala nahi duten herritarrek kultur etxean erosteko aukera ere izango dute.