Eneritz Ibarra Azpeitia sortzailearen “Benito, herriaren kantua” proiektuak jaso du Sormen Bizian Beka

Orioko Udalak aurten atera du, estreinakoz, Sormen Bizian Beka. Besteak beste, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko eta sortzaileen sormen-prozesuak babesteko xedea du bekak, eta lehen edizioan 7.000 euroko dirulaguntza emango zaio proiektu bati. 

Bekaren nondik norakoak Balearen Egunaren testuinguruan aurkeztu ziren, udaberrian, eta ildo horretan, Udalak zehaztu zuen lehen edizioko aztergaia: Benito Lertxundiren biografia eta obra artistikoa.  

Bekaren oinarri arautzaileetako prozedura jarraitu ondoren, epaimahaiak baloratu ditu sortzaileek aurkeztutako proiektuak, eta Eneritz Ibarra Azpeitia ilustratzailearen “Benito, herriaren kantua” proiektuak jaso du puntuazio altuena.  

Ibilbide bat herrian

Benito Lertxundiren kantu, gogoeta eta iruditeriarekin osaturiko ibilbide bat sortzea da Eneritz Ibarraren proposamena, Benitoren kantagintzaren transmisiorako baliagarri izango den bide bat sortzea Orion.  

Ibarrak zehaztu duenez, “ibilbideak elkarrizketan jarriko ditu Benitoren gogoetak eta kantuak, ahozko euskal kultur ondarea, doinu sorta zabala, memoria kolektiboa, norbanakoaren biografia, Orio, plazer estetikoa eta paisaia”. 

Funtsean, “Orio eta ingurua beste begi batzuekin sentitzeko aukera” emango luke ibilbideak, eta “oroimena pizteko eta transmititzeko” lekua izango litzateke. 

Ibarrak gehitu duenez,  “euskal kultur ondoare inmaterialari espazio publikoan lekua emateko” xedearekin sortu du proposamena, eta Benitoren lana eskertzeko eta transmititzen jarraitzeko gune bizi eta irekia izango litzateke ibilbidea. 

Proiektua garatzeko beka

Orioko Udalak emango duen beka “Benito, herriaren kantua” proiektua garatzeko izango da; hau da, artistaren sormen-prozesua da diruz lagunduko dena, sortzaileak horretara dedikatzeko denbora izan dezan. Ibarra ilustratzaileak aurreproiektua aurkeztu zuen lehiaketara, oinarri arautzaileetan eskatu bezala, eta hurrengo hilabeteetan proiektua garatzeko aukera izango du.   

Hilabete batzuetako sormen-prozesuaren ondoren, ikertu eta landutakoa jendaurrean aurkeztuko du Ibarrak, datorren neguan. 

Azpimarratu behar da, bekaren bidez sormen-prozesua dela diruz laguntzen dena. Ondoren, Ibarraren lana amaitu eta gero, herrian proiektua egikaritu edota exekutatu nahiko balitz, beste fase bat izango litzateke. Hau da, Sormen Bizian Bekak ez du proiektuaren egikaritze edota exekuzioarekin inolako lotura edota konpromisorik. 

Sortzaileari buruz

Eneritz Ibarra Azpeitia Eibarren jaio zen 1982an, eta gaur egun Orion bizi da. Ingurumen zientzien ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta ingurumenaren eta hezkuntzaren esparruan hainbat proiektutan lanean aritu ondoren, 2016an etapa berri bat hasi zuen: ilustrazio ikasketak egin zituen, Gasteizko I:D Arte eskolan. 

Orduaz geroztik, ilustratzailea da ofizioz, eta askotariko sorkuntza lanetan dihardu buru-belarri azken urteotan, proiektu profesionalak eta pertsonalak uztartuz; besteak beste, “Begi hütsez ezin ikusi” komikia sortu zuen iaz, Udalbiltzako Geuretik Sortuak beka jaso eta Atharratzen egonaldia egin eta gero.