India iparraldeko Noida hirian egiten den Nazioarteko Zinema Jaialdian dokumental onenaren saria jaso du Errio lanak. Ibon Gaztañazpi zuzendaria sari-banaketa ekitaldian izan da asteburuan, eta lantalde osoaren izenean jaso du garaikurra.
Gaztañazpik azaldu duenez, epaimahaiak dokumentalaren irudia, musika eta hizkuntza baloratu ditu gehien, eta elkarrizketatuen artean, Kaxilda Garate saregilearen figura nabarmendu dute.
Datozen emanaldiak
Dokumentala irailean estreinatu zen herrian, 700 lagunen aurrean, eta abenduan beste bi pase egin ziren kultur etxean. Horrez gain, Durangoko Azokan eta Indian eman dute orain arte filma, eta herriz herri zabaltzen hasi da orain Udala. Martxoaren 28an, hain zuzen, Aian proiektatuko dute. Saioaren inguruko informazioa laster emango du Aiako Udalak.