Neguko programan iragarri bezala, asteburuan haurrentzako film bat emango da kultur etxean: Robotia. 2024an estreinatutako animaziozko lana da, eta ekoizleen artean dago Dibulitoon Studio ekoiztetxe donostiarra. Filmaren emanaldia larunbaterako iragarrita zegoen, baina igandera atzeratuko da, ordu eta leku berean: 17:00etan kultur etxean.
Filmeko protagonistak Alex eta Bibi robotak dira. Fabrika berean ekoitzi zituzten, baina oso bizimodu ezberdina izan dute. Biek maite dute futbola, baina ezin dute jokatu: Alexek, akats bat tarteko, jokatzeko aukerarik ez duela uste duelako; eta Bibik futbolean jokatzen uzten ez diotelako. Baina hori aldatu egingo da, haien robot kuadrillari esker, eta txapelketa batean parte hartuko dute denek elkarrekin.
Filmeko ahots nagusiak Jon Plazaola aktoreak eta Leire Martinez abeslariak jarri dituzte, eta euskaraz izango da ikusgai. Sarrera doakoa da, eta ez da aurrez gonbidapenik hartu behar.