India iparraldeko Noida hirian egiten den Nazioarteko Zinema Jaialdian hartu du parte asteburuan Errio dokumentalak, eta dokumental onenaren saria jaso du. 12. edizio honetako sari-banaketa ekitaldia martxoaren 8an egingo da, eta orduan jasoko du garaikurra filmaren lantaldeak.
AEBko, Argentinako, Brasilgo, Espainiako, Herbehereetako, Italiako, Japoniako, Txileko, Norvegiako zein Uruguaiko ikus-entzunezko proiektuak aurkeztu dira jaialdira, film laburren, dokumentalen eta film luzeen kategorietan. Guztira 67 lanek hartu dute parte, eta 39 lagunez osatutako epaimahaia arduratu da saritutako lanen zerrenda osatzeaz.
Guztira bederatzi garaikur banatu dituzte, eta Ibon Gaztañazpik zuzendutako Errio lanak epaimahaiak emandako dokumental onenaren saria jaso du. Ikus-entzunezkoaren helburua da Orioko itsas ondarea bildu eta era atsegin batean kontatzea, ondarearen transmisioa herritarren artean eta lurralde osora zabaltzeko.
Zinema-jaialdiak
Udalaren helburua da datozen bi urteetan, 2025 eta 2026 bitartean, zinema, dokumental eta itsas ondare jaialditan aurkeztea Errio. Dagoeneko Udalak nazioarteko hainbat jaialditan izena eman du. Durangoko Azokan hasi zuen ibilbidea ikus-entzunezkoak, euskal kulturaren agertoki handienean, eta Indiako garaikurra sorpresa polita izan da hasiberri duen zikloan aurrera egiteko.
Datozen hiletan, gainera, Euskal Herriko herrietan emanaldiak antolatzea da Udalaren asmoa.