Eusko Gudari kaleko 36-42 zenbakidun etxebizitzak eta frontoia eraitsiko dituzte datozen hiletan, etxebizitza berriak, garajeak, lokal komertzialak eta erabilera publikoko espazio berri bat eraikitzeko. Partzela horren %20,32 Udalaren jabetzakoa zen orain arte, baina zati hori besterendu egin du, atzoko udalbatzarrean hartutako erabakiaren bitartez.
Prozesua
2007ko arau subsidiarioetan ordenamenduz kanpo geratu ziren pilotalekua eta haren kontra eraikitako etxeak. Ordenamenduz kanpo dauden eremuetan gutxieneko mantentze-lanak baizik ezin dira egin eta, ondorioz, pilotalekuaren eta eraikinen egoerak okerrera egin du pixkanaka. Eremua eraberritzeko saiakerak egin ditu Udalak tarte horretan, baina ez du adostasunik lortu partzelen %80aren jabe diren herritarrekin, haietako bakoitzaren egoera ezberdina delako.
Azken urteotan Eraikiru SL enpresa harremanetan jarri da etxebizitza horien jabeekin, gaur egungo etxeak eraitsi eta berriak eraikitzeko proiektua sustatzeko. Jabeek horren aldeko jarrera zutela ikusita, Udalak lehiaketa publikoa egin zuen iaz, bere jabetzako zatia besterentzeko eta, hartara, eremu osoko proiektua gauzatu ahal izateko.
Lehiaketa publikora Eraikiru SL enpresa bakarrik aurkeztu zen eta, behin baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, Udalak hari besterendu dio udal-jabetzako zatia (%20,32).
Datozen urratsak
Eremu horretan etxebizitza berriak eraikitzeko, gaur egungoak eta frontoia eraitsi behar dira aurrena. Joan zen astean egoera kaskarrenean zegoen etxea bota zuten —Eusko Gudari kaleko 38. zenbakia—; baina, gainerakoak botatzeko, zenbait hilabete beharko dira oraindik. Ordura arte, pilotalekuak erabilgarri jarraituko du.
Eraisketa-lanak noiz egingo diren jakiten duenean, Udalak horren berri zabalduko du ohiko bidetik.
Frontoi eta etxebizitza berriak
Proiektuaren arabera, Eraikiru SLk 24 etxebizitza berri eraikiko ditu eremu horretan. Sotoan aparkalekuak izango dituzte, eta gaur egungo etxebizitzen lerro berean eraikiko dira. Beheko solairuak sektore tertziarioan erabiltzekoak izango dira eta, mendebaldera ez ezik, etxebizitza berriek ekialdera ere izango dituzte leihoak (gaur egungo eraikinek frontoiaren pareta dute ekialdean).
Proiektuak, bestalde, Udalak ezarritako baldintzak bete beharko ditu eta 17 x 11 metroko frontoi estalia barne hartzen du. Horrez gain, komun publiko bat instalatzea ere aurreikusten da eta udal-erabilerako lokal bat ere izango da, beheko solairuan.
Irudietan ikusi daiteke eremuak zer itxura hartuko duen gutxi gorabehera, nahiz eta behin betiko proiektuak zehaztuko dituen xehetasun guztiak.