Orioko Udalak eta Zerbitzu Psikosozial eta Soziohezitzaileak Gurasotasun Positiboko tailerra antolatu dute, 0 eta 3 urte bitarteko seme‑alabak dituzten gurasoei zuzenduta.
Topaketak Salatxo Aretoan egingo dira, eta helburua da gurasoei esperientziak elkarbanatzeko eta heziketa‑ibilbidean laguntza jasotzeko espazio segurua eskaintzea eta parte hartzaileen interesekoak diren gaiak malgutasunez eta konfiantzaz landu ahal izatea.
Gurasoen arteko topaketa eta elkarrizketa sustatzeko espazio bat izango da. Saioetako edukiak parte-hartzaileek adierazitako kezkara, beldurretara eta beharretara egokituko dira. Gainera, familiei erraztasunak emateko, seme‑alabak tailerrera eraman daitezke, adin‑tartea edozein dela ere, eta gunean egoteko aukera izango dute.
Tailerrek gurasotasunari lotutako eduki ugari jorratuko dituzte, ikuspegi praktiko eta hurbiletik. Saioetan zehar, gurasoek haurraren garapenari, esperientzia sentsorialari, jolas egokituari eta atxikimenduari buruzko gakoak ezagutuko dituzte. Horrez gain, haurraren erritmo biologikoak eta errutinak zaintzearen garrantzia, heziketa‑eredu positiboa, oinarrizko beharrak eta autoestimaren oinarriak ere landuko dira.
Lau saiotan banatuta, programak aurrera egingo du modu progresiboan. Lehen topaketan, taldekideen arteko elkar ezagutza, emozioen lanketa eta autozainketaren garrantzia izango dira ardatz. Bigarren saioan, zentzumenen bidezko esperientziei, oinarrizko beharrei eta jolasaren garrantziari buruzko tertulia egingo da. Hirugarren eta laugarren saioetan, haurraren garapena, esperientzia sentsoriala, jolas egokitua eta atxikimendua sakonduko dira, eta horiekin batera heziketa‑eredu positiboa eta autoestimaren garapena ere jorratuko dira.
Saioak urrian egingo dira, 16:30etik 18:30era, Salatxo Aretoan, honako egunetan: Urriak 7, 14, 21 eta 28.
Saioak euskaraz izango direnez, behar dutenentzat xuxurlariak egongo dira.
Parte hartu nahi duten familiek izena eman dezakete edo informazio gehiago eskatu bide hauen bidez: 943 83 0346 (luz. 6) / 684 80 48 71 telefonoetan edo orioghzerbitzua.lorratz@gmail.com / gizartebulegoa@orio.eus posta helbideetan.
