Duela 20 urtetik, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatzen du herriko uraren ziklo osoa: edateko uraren tratamendua, saneamendua, arazketa… Kudeaketa-sistema horren aldeko apustuak Guk Oriori atarian jasota dagoen Ingurumenaren defentsan erronkari erantzuten dio. Hitzarmena 10 urtean behin berritzen da, eta Kontsorzioak Udalarekin adosten ditu egin beharreko inbertsio, konponketa eta hobekuntzak. 2025-2035 aldirako hitzarmena orain dela gutxi sinatu dute Udalak eta Kontsorzioak.
Gipuzkoako Ur Kontsorzioa kontsumorako ura kudeatzeaz gain, ur beltzen tratamenduaz ere arduratzen da: ur horiek jaso eta Zarauzko araztegira eramaten ditu, gero handik itsasora botatzeko.
Uraren ziklo osoa Kontsorzioaren bidez kudeatzeak abantaila hauek ditu Udalarentzat eta herritarrentzat:
- Enpresa espezializatu batek egiten du uraren kudeaketa osoa eta berak konpontzen ditu unean uneko Era horretara, kostuak murriztu egiten dira eta herritarrek ura merkeago eskuratzen dute.
- Kontsorzioak inbertsioak egiten ditu uraren sare osoan eta kontagailuetan, detektatutako akatsak konpondu eta sistema hobetzeko.
- Gipuzkoako 77 udalerritako uraren ziklo integralaz arduratzen denez, kudeaketa bateratuak sendotasuna ematen dio sistemari.
Etengabeko hobekuntza
2004tik 2.000.000 eurotik gora inbertitu dira uraren sarean: herriko zenbait gunetako saneamendu- eta hornikuntza-sareak eguneratzen, kontagailuak berritzen, sarearen kartografia digitalizatzen eta ur-sarearen portaeraren eredu-matematikoak sortzen. Guztira, 5.240 kontagailu aldatu dira eta gaur egun ez dago herrian 10 urte baino gehiagoko kontagailurik.
Kontsorzioak inbertsio-plana aurkeztu dio Udalari 2025-2035 aldirako; 1.507.372 euro erabiliko ditu, nagusiki, hainbat eremutako hornikuntza- eta saneamendu-sistemak eguneratzeko eta kontagailuen jarraipena egiteko. Herriko sarearen kartografia digitalari esker, bestalde, hainbat puntutan berrikuntzak egitea aurreikusi dute: Eusko Gudarien kalean, hondartzan, San Nikolas kalean, anbulatorio inguruan, Andra Marin eta San Martin auzoan.
Guk Oriori atariko Ingurumenaren defentsan erronkaren baitan duzue uraren kudeaketa-sistemaren inguruko txosten osoa. Bertan jasotzen dira, besteak beste, datozen hamar urteotan egingo diren aktuazio guztiak.