200 herritarrek baino gehiagok eman dute izena Orioko komunitate energetikoan

Orioko Udalak urte hasieran iragarri zuen herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu zuela, Goienerrekin elkarlanean, eta apirilean itxi zen ekimenean izena emateko epea. Guztira 200 herritarrek baino gehiagok aurkeztu zuten orduan eskaera, eta horiek aztertzen ari da orain Goiener, herritarren elektrizitate-kontsumo ohiturak eta ezaugarriak zehazteko.

Proiektuaren lehen fasean, 150 etxebizitza eta merkataritza-establezimendu inguruk jaso ahal izango dute instalazio fotovoltaikoak sortutako energia. Horregatik, jasotako eskaera kopurua aurreikusitakoa baino handiagoa denez, aurretik zehaztutako lehentasunezko irizpideak eta kontsumo-profilak hartuko dira kontuan bazkideak aukeratzeko; eta beharrezkoa balitz, zozketa ere egingo da.

Azterketa hori beharrezkoa da Karela kiroldegiko estalkian jarritako eguzki-plakek sortutako energia ahalik eta modu egokienean banatzeko; izan ere, instalazioak ez du energia pilatzeko gaitasunik, eta sortutako energia unean bertan banatu behar da.

Hurrengo urratsa, irailean

Informazioa ondo aztertuta, komunitate energetikoaren bazkide izango diren herritarren behin betiko zerrenda zehaztuko du Goienerrek, eta haiekin harremanetan jarriko da irailean, pixkanaka, elkartea martxan jarri eta komunitatea aktibatzeko.

Prozesuak aurrera egin ahala, horren berri emango du Udalak bere kanaletan.