Elkar mugituz egingo dugu lelopean, maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta aurreko urteetan bezala, hiru dinamizatzaile kontratatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdean ekimena bideratzeko. Dinamizatzaile horiek aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Mutiozabal Txoren ontziolan, eta haiekin izan ziren Taupako kide Haizea Solagurenbeaskoa eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Ion Arozena.
Hauek dira dinamizatzaileak: Orion eta Aian, Joxe Mari Unanue; Zarautzen, Uxue Alkorta; eta Zumaia eta Getarian, Maddi Etxabe. «Orion Euskaraldia antolatzeko batzordea osatu dugu herritarrekin eta entitateen ordezkariekin. Antolatu nahi ditugun ekintzez gain, Euskaraldiaren hamalaukoa osatzen ari gara, ekimenaren enbaxadore izango direnekin», kontatu du Unauek.
Ahobizi eta belarriprest rolekin ohiko ariketa egiteaz gain, herritarrek aukera izango dute Euskaraldia Hikan ere izena emateko. Hikaren erabilera —eta nokarena, bereziki— bultzatuko da horrela eskualdeko herrietan.
Izen-ematea
Ostiral honetan, martxoak 15, zabalduko zaie herritarrei aurtengo Euskaraldian izena emateko epea. Entitateen izen-ematea zabalik dago oraindik. Herritarrek zein eragileek Euskaraldiaren webgunearen bidez egin beharko dute izen-ematea, eta zein rol izango duten aukeratu beharko dute. Informazio guztia hemen.