Larunbatean egingo dute Oriaren 31. Traineru Jaitsiera

Argazkia: Orio GUKA.

Oriaren Traineru Jaitsieraren aurtengo ekitaldia otsailaren 15ean egingo dute, larunbatarekin, Orioko Arraun Elkarteak antolatuta. 77 ontzik eman dute izena, eta 1.100 arraunlari inguru hurbilduko dira zitara. 16:30ean hasiko da proba, errioan gora, eta, ohi bezala, Orioko zubiaren parean izango dute helmuga.

Oriaren Traineru Jaitsiera 1995ean antolatu zuen aurrenekoz Arraun Elkarteak. Traineru-denboraldia ekainetik irailera luzatzen denez, neguko entrenamendu garaiari argi pixka bat eman nahi izan zion eta, urteak aurrera, neguko zita garrantzitsuenetakoa bilakatu da inguruko traineruentzat.

Bi ibilbide, hiru bandera

Gaur, otsailaren 13an, egin dute ekimena aurkezteko agerraldia. Arraunetxen. Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: 4.000 metrokoa, Sarikolatik irtengo dena, Llagut-Llaut, misto, jubenil, beterano eta emakumezkoen senior kategorientzat. Eta 6.000 metrokoa, Aginagako Mapiletik irtengo dena, senior mailako gizonezkoen traineruentzat. 16:30ean dute hitzordua, eta hiru bandera izango dira jokoan, emakumeena, gizonena eta beteranoena.

Horiez gain, beste hiru kategoriatako parte-hartzaileak ere izango dira: jubenilak, mistoak eta llagut. Ez dute banderarik izango jokoan, baina modalitate hauen sustapena egingo da. 

Ibai Ondo kaleko sarbidea, itxita

Ibai Ondo kalerako sarbidea itxita egongo da moilatik, 15:00etatik 18:00etara, eta Salatxo tabernaren parean postuak jarriko dituzte. Herritik ateratzeko, beraz, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko da ordu horietan.