Oria ibaiaren itsasadarrean karbono urdineko ekosistemak lehengoratzeko lanen lehen fasea gauzatu da 2025ean 

Orioko Udalak, Gipuzkoako Aldundiaren dirulaguntzarekin eta AZTI ikerketa-zentroaren laguntza teknikoarekin, Oria ibaian karbono urdineko ekosistemak lehengoratzeko proiektua garatu du azken hiletan. Ekimen honek ingurumenaren babesa, biodibertsitatearen kontserbazioa eta klima-aldaketaren aurrean jarduteko konpromisoa uztartzen ditu. 

Iazko uztailetik abendura, Zostera noltei izeneko landare espeziea landatu da Oria ibaiaren itsasadarrean. Marearteko eremuetan hazten den landare honek funtzio garrantzitsua betetzen du: itsas espezie askorentzat babes- eta hazkuntza-gune izateaz gain, karbonoa xurgatzeko eta metatzeko gaitasuna du, eta klima-aldaketaren aurkako aliatu naturala da. 

Proiektuaren baitan, hiru lehengoratze-teknika erabili dira: beste itsas belardi batzuetatik ekarritako landare-zatien transplantea, beste estuario batzuetan bildutako hazien ereintza eta itsasertzera iristen diren landare-hondakinen birlandaketa. Lan horiek itsasadarraren hiru gunetan egin dira, aho inguruan eta erdialdeko bi eremutan. Eta horri esker, ingurune desberdinetan egindako esku-hartzeen bilakaera alderatu ahal izango da.

Proiektuak jarraipena beharko du datozen urteetan, eta 2025 egindako landaketak beste hainbat tokitan errepikatu beharko dira, pixkanaka, itsasadarrean itsasbelarra berreskuratzea lortzeko. Baina honakoa ezinbesteko lehen urratsa izan da. Gainera, etorkizuneko jarraipena egiteko oinarri zientifikoak ere ezarri dira, eta sedimentu-laginak hartuta, itsas belardiek modu naturalean zenbat karbono metatzeko ahalmena duten ikusi ahal izango da datozen urteetan.

Proiektuaren onurak

Proiektuak onura zuzenak ditu ingurumenean zein herritarrengan, ekosistemak sendotzeaz gain, itsasadarraren kalitate ekologikoa hobetzen duelako eta naturan oinarritutako irtenbideak sustatzen dituelako klima-aldaketari erantzuteko.