Orio Kanpina hautatu dute Basquetour-en jardunaldian parte hartzeko, jasangarritasuna hobetzeko egindako lanagatik

Hosteltourrek kudeatutako Helmuga Iraunkorrak jarduera-programaren baitan, jasangarritasuna izango dute hizpide gaur, otsailak 18, Basquetour turismoaren euskal agentziaren aterkipean antolatutako online jardunaldian. Bertan parte hartzera gonbidatu dituzten hamabi euskal enpresen artean dago Orio Kanpina eta Begi Bistan. 

Jasangarritasunera bideratutako zerbitzu eta produktuak eskaintzeagatik nabarmendu diren enpresei zuzendutako saioa da gaurkoa. Online jardunaldian hartuko dute parte Euskadiko turismo sektoreko arduradunek, jasangarritasunaren alorrean lanean ari diren lau enpresatako buruek (tartean, Zarauzko Zerupe hoteleko arduradunek), eta hainbat adituk, eta iraunkortasunerako bidean, enpresek hartu ditzaketen erabakien eta egin beharreko aldaketen onurak izango dituzte aztergai.

Bilera birtualak

Aurkezpenen ostean, workshop birtuala egingo dute Euskal Herriko hamabi enpresatako ordezkariekin, eta gonbidatuen artean da Orio Kanpineko zuzendari Jone Olaskoaga. Ez da herriko ordezkari bakarra izango: Begi Bistan-ek ere parte hartuko du. Inguruko herrietako hainbat proiektu ere izango dira, tartean, Getariako Gaintza eta Zarauzko Shelter enpresak.

Haiekin bilera laburrak egiteko aukera dago, jasangarritasunari lotuta egin dituzten aldaketen inguruan galdetzeko. Orio kanpinaren kasuan, herriko energia-planaren baitan, argiteria aldatu dute, gasezko galdara jarri dute eta ura berotzeko hamar eguzki-plaka ezarri dituzte azken hiletan, eta igerileku berriaren proiektua garatzen ari dira orain. Azken batean, energia kontsumoa murriztu eta sorkuntza propioa handitzeko.

Jardunaldiaren inguruko informazioa eta bileretara sarbidea dituzue lotura honetan.