Pantailek eta sare sozialek haur eta nerabeengan dituzten ondorioei buruzko tailerra izango da maiatzaren 8an

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuko TREBA Gurasoak programaren bidez, Internet, pantailak, bideojokoak, sare sozialak… onurak eta gatazkak. Nola kudeatu? hitzaldia izango da Orion maiatzaren 8an, ostegunarekin. Gurasoei zuzendutako saio dinamikoa izango da, 18:00etan hasita.

Saioan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena kirola@orio.eus helbidera idatzita.

Tailerraren nondik norakoak

TREBA Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimen bat da eta, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza transmititzeko.

Hitzaldi eta tailer ugari eskaintzen ditu programak, eta Orioren kasuan, pantailek eta sare sozialek haurrengan duten eraginari buruzko saioa egingo da.

Amaia Arroyo eta Jokin Molinero adituek emango dute saioa. Hitzaldian, gaiaren inguruko oinarriak eta hausnarketak partekatuko dira, eta zenbait dinamikaren bidez, gaiarekin lotura duten edukiak landuko dira. Gainera, familian lantzeko materialak ere emango zaizkie gurasoei.

Tailerraren helburuak

Haurren gurasoentzat

  • Haurren eta pantailen arteko harremana aztertzea
  • Pantailek haurren garapenean dituzten ondorio positiboak eta negatiboak lantzea.
  • Pantailen erabilera egokia kudeatzeko gidaritza-gakoak eskaintzea.
  • Testuinguru digitaletan haurren ongizatea bermatzeko familiek duten zereginari buruz hausnartzea eta bitartekaritzarako estrategiak eskaintzea

Nerabeen gurasoentzat

  • Nerabeen errealitate digitala ezagutzea: zenbat, zertarako, zer eta nola erabiltzen duten Internet. Eragin positiboak zein negatiboak.
  • Interneten erabilera arduratsua egiteko bitartekaritza-estrategiak eskaintzea
  • Familia-gidaritza digitalari buruz hausnartzea

Landuko diren edukiak eta gaitasunak

Haurren gurasoentzat

  • Haurtzaro hiperkonektatuaren errealitate digitala (erabilera-ohiturak: gailuak, maiztasuna, edukiak…)
  • Gailu digitalen abantailak: mundua ezagutu, komunikazioa eta harremanak, garapen kognitiboa, identitate-erreferenteak…
  • Pantailen gehiegizko erabileraren ondorio fisiko, psikologiko eta emozional negatiboak: tonu falta, gorputz-jarrera ezegokiak, arreta mantentzeko arazoak, emozioak identifikatzeko eta kudeatzeko zailtasunak…
  • Familiaren bitartekaritza teknologikorako gakoak: mugak, arauak, edukiak…
  • Testuinguru digitaletan haurren ongizatea bermatzeko familiek duten zereginari buruzko hausnarketa kolektiboa. Horrekiko ikuspegi kritikoa.

Nerabeen gurasoentzat

  • Nerabezaro hiperkonektatuaren errealitate digitala: maiztasuna, helburuak, joerak…
  • Gailu digitalen abantailak: mundua ezagutu, komunikazioa eta harremanak, garapen kognitiboa, identitate erreferenteak…
  • Pantailen gehiegizko erabileraren ondorio fisiko, psikologiko eta emozional negatiboak: tonu falta, gorputz-jarrera ezegokiak, arreta mantentzeko arazoak, emozioak identifikatzeko eta kudeatzeko zailtasunak…
  • Familiaren bitartekaritza teknologikoaren garrantzia eta gakoak.