Partehartzailea izan nahi du Orioko Kultur Egoeraren Plan Estrategikoak

 

Herriko kultur eragileek eta Orioko Udalak kultur eskaintza eta dinamika bizia sortu dute azken hamarkadetan. Halere, hausnartzeko astirik gabe egindako bidea izan da gaur artekoa, eta hutsune horri aurre egitera dator otsailetik uztailera garatuko den Orioko Kultur Egoeraren Plan Estrategikoa. Kultur panoramaren etorkizuna ardaztu nahi du prozesuak: batetik, gogoetarako prozesua parte-hartzailea da; bestetik, dokumentu bat da, kulturaren egoera jaso eta etorkizunerako proposamenak egingo dituena.

Plan Estrategikoak aztergai hauek izango ditu:

  • Kultur eragileen osasuna eta elkarren elkarlan dinamikak.
  • Orioko Udaleko kultur politikak, kulturara bideratzen diren baliabide ekonomikoak eta bestelako baliabideak.
  • Kultur azpiegituren beharrak identifikatzea;
  • Agenda bateratua, kultura programazioa, zabalkundea, audientziak.
  • Orioko kulturaren zeharlerrotasuna: ingurugiroa, euskara, feminismoa, belaunaldiartekotasuna.

Parte hartze aukera: banaka edo taldeka

Prozesua diagnosi fasean sartu da. Kultur taldeek lau talde-elkarrizketa burutuko dituzte datozen hamabost egunetan. Kultur mahaian parte hartzen duten eragileak ariko dira bilera hauetan eta Elhuyar Fundazioko profesionalen laguntza izango dute.

Herritarrek ere izango dute prozesuan parte hartzeko aukera OKEPE – HERRITARRENTZAT GALDETEGIA galdetegia betez. Edonork bete dezake galdetegia: kultur ekitaldietan izan ohi direnek, ohiturik ez dutenek, kultura baliabideak erabiltzen dituztenek, baliatzen ez dituztenek… Ordu laurden bat behar da galdetegia betetzeko eta martxoaren 22ra arte egongo da zabalik.

Diagnosi fasea amaitutakoan, etorkizuneko egitekoak eta erronkak zehazten hasiko dira apirilean. Horretarako, bi larunbat goiz baliatuko dituzte eragileek: apirilaren 27a eta ekainaren 8a. Datak gerturatu ahal, zehaztasun gehiago emango ditu Udalak.