Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak urrian hasiko ditu moila indartzeko lanak

 

Herriko Plaza peatonalizatu zenean, bi norantzetakoa bihurtu zen moilako errepidea eta, horren ondorioz, nabarmen estutu zen oinezkoen pasabidea Bizkarreneko (Bordatxo) etxearen parean. Orain egingo diren lanekin sendotu egingo da moila inguru horretan. Lan horiek Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak egingo ditu, urrian hasi eta otsaila bitartean, eta, ondoren, Udalak hegal bat eraikiko du moilaren ertzean, oinezkoak eroso pasatzeko. 

Ibilbide luzeko proiektua 

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak landutako hasierako proiektuak moila zazpi metro zabaltzea aurreikusten zuen eta, horretarako, ezinbestekoa zen hura indartzea 30 metroko sakoneran zutabeak jarrita. Lanak Altuna y Uria enpresari adjudikatu zitzaizkion, eta lehen fasearekin hasi ziren, neurketak egiten. 

Legealdi berriarekin batera, ordea, Udalak ikusi zuen egin beharreko lanek arriskuan jartzen zituztela inguruko etxeak, eta obra geratzea erabaki zuen, irtenbide bat bilatu arte. Horrela, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin obra beste modu batera egiteko aukerak aztertzen hasi ziren, eta hilabete luzez aritu dira negoziatzen, irizpide guztiak landu eta bateratzea lortu duten arte. 

Proiektu berria, martxan 

Proiektu berriak bi aldeen oniritzia jaso du eta, horren arabera, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak moila indartuko du inguruko eraikinak kaltetu gabe. Obra hasierako proiektukoa baino txikiagoa denez, moilan egin beharreko esku-hartzea sinpleagoa izango da, eta inguru osoaren segurtasuna bermatuko da. Ondoren, behin sendotze-lanak bukatuta, Udalak eraikiko du oinezkoak pasatzeko hegala moilaren ertzean, errio gainean.

 Irailaren 1ean adjudikatu ziren proiektu berria egiteko lanak, eta egun hauetan neurketak egiten ari dira. Aurreikuspenen arabera, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak egin beharreko lanak urritik otsailera arte luzatuko dira. Obrak egiten diren bitartean, ez da errepidea moztuko, baina ibilgailuek txandaka pasa beharko dute moilatik. Semaforoak jarriko dira horretarako.