Maiatzaren 11n, igandearekin, izango da Artisau eta Sortzaile Azoka herrian. 10:00etatik 14:00etara, Herriko Plazan eta Aritzaga kalean jarriko dira postuak, 30 guztira. Hain zuzen, izena eman duten eta baldintzak betetzen dituzten sortzaileen artean zozketa egin behar izan du Udalak aurten.
Gipuzkoarrak izango dira 20 artisau, bizkaitarrak 5, nafarrak 4 eta arabarra 1. Jantziak eta osagarriak eta bitxigintza lantzen dituzte gehienek, baina egur-tailla, taloak, ogia eta gozoak, gazta eta eztia, loregintza, eta xaboi eta ukenduak ere izango dira salgai.
Herriko artisauek ere haien txokoa izango dute plazan: jantziak eta osagarriak lantzen Ostargi elkartea, Aiora Arrozpide eta Goiuri Unanue; Jesica Bordoni liburuxka txikiekin; Isabel Mateos da Silva zeramikarekin; Antxon Mendizabal egur-tailekin; eta Zaraguetako ikasleak estanpatu eta grabatuekin.
Trafiko-aldaketak
Trafiko-aldaketak ere izango dira igandean: 14:00ak eta 15:00ak artean ibilgailuek Txankatik irten beharko dute Oriotik, irteerako noranzkoan itxita egongo delako plaza, artisauen karga eta deskarga errazteko. Barkatu eragozpenak.