Noidako Nazioarteko Zinema Jaialdian dokumental onenaren saria eskuratu ondotik, Errio dokumentala Ataunen emango dute gaur iluntzean, maiatzaren 7an. 19:00etan izango da, Ataungo Herri Antzokian, eta emanaldiaren ondoren Ibon Gaztañazpi dokumentalaren zuzendariarekin eta Xabier Agote Albaola Itsas Faktoriako presidentearekin solasaldia izango da.
Ataungo Udalak interes berezia erakutsi du hasieratik Errio dokumentalaren inguruan, izan ere, Agauntza ibaia Aralar mendilerroan jaiotzen da, eta Ataun zeharkatzen du Oriako uretan nahastu aurretik. Baina ur horiek ez ezik, itsas ondareakin zerikusia duten beste hainbat lotura dituzte Oriok eta Ataunek. Esaterako, Ataungo basoetako zuhaitzak ontzigintzan ere erabili izan dira, tartean, arraunak egiteko. Dokumentalean ikusi daitekeenez, lehorreko zein kostako herrietan industria-sare oparoa sortu zen itsasoari lotuta.
Datozen emanaldiak
Errio dokumentala Donostiako Aquarium-ek abuztuan antolatzen duen Itsas Film Festibalean proiektatzeko aukeratu dute, eta laster emango dute programaren berri.