Euskalmetek ezarritako alertak indarrean jarraitzen du gaur, ekainak 23, eta iluntzerako 25 gradu inguruko tenperaturak aurreikusi dira Orion. Tenperatura altu iraunkorrek eta baso-suteak izateko arriskuak direla eta, Eusko Jaurlaritzak baso-masetatik hurbil dauden guneetan San Joan suak ez pizteko gomendioa helarazi die udalei.
Gomendio horri jarraituz, Orioko Udalak debekatu egin ditu auzoetako San Joan suak.
Era berean, egoeraren aurrean eta segurtasuna lehenetsiz, Harribilek Eusko Jaurlaritzaren gomendioak kontuan hartu ditu, eta, Udalarekin elkarlanean, hainbat aldaketa egin ditu Sorgin Gauaren egitarauan, ekitaldia ahalik eta modu seguruenean egin dadin. Ondorioz, egitaraua honela geratuko da:
- 22:00etan, sorginak Bikamiotatik irtengo dira kalejiran, eta ibilbidean hiru geldialdi egingo dituzte.
- 23:00etan, suaren inguruko dantza egingo dute ikastola pareko plazan.
Udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie ulermenagatik, eta antolatzaileen jarraibideak errespetatzeko deia egiten die, ekitaldia segurtasunez eta normaltasunez gauzatu dadin.
Beroari aurre egiteko gomendioak
Alerta laranjak indarrean dirauen bitartean, Orioko Udalak herritarrei berriro gogorarazi nahi dizkie Eusko Jaurlaritzak emandako gomendio nagusiak:
- Eguerdiko eta arratsaldeko ordurik beroenetan eguzkitan ez egotea eta jarduera fisiko bizia saihestea.
- Txapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia erabiltzea, eta arropa arina, zabala eta transpiragarria janztea.
- Ura eta likidoak maiz edatea, egarri izan arte itxaron gabe; alkohola, kafeina edo azukre asko duten edariak saihestea.
- Fruta, barazki eta entsalada gehiago jatea, eta otordu oparo, koipetsu edo astunak saihestea.
- Bero handieneko orduetan leihoak eta pertsianak itxita edukitzea, eta etxea gauez aireztatzea.
- Dutxa edo bainu freskoak hartzea, edo aurpegia eta eskuak zapi hezeekin freskatzea.
- Etxea fresko mantentzerik ez badago, egunean bizpahiru ordu klimatizatutako leku batean igarotzea.
- Arreta berezia eskaintzea haurrei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituzten pertsonei.
- Inoiz ez uztea pertsonarik ibilgailu itxi batean, ezta itzaletan badago ere.
- Bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoekin gutxienez egunean behin harremanetan jartzea.
Ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo konorte-galera bezalako sintomek ordubete baino gehiago irauten badute, osasun-profesionalekin harremanetan jartzea; larrialdietan, 112ra deitzea gomendatzen da.
