Herrigunea eta hondartza lotzeko txu-txu trenaren zerbitzua martxan jarriko du Udalak aurten ere. Ekainaren 29tik abuztuaren 31 arte emango du zerbitzua, egunero-egunero, ordu hauetan: 11:30-14:00 eta 16:00-20:30. Txartelen salmenta errazteko, aurten ere uda osoko bonuak eskainiko ditu Udalak.
Aurreko urteetan bezala, txu-txu trenaren zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatuko du. Trenaren berritasuna eta irisgarritasuna lehenetsi dira zerbitzua adjudikatzeko lizitazioan. Ondorioz, trenak gurpildun aulkiak igotzeko aukera emango du. Halere, altuera dela-eta, ezingo da N-634 errepide azpitik igaro, Ibai Ondo kalean, eta ez da, beraz, Anibarko Portura iritsiko; hondartzatik bueltan Ikastola pareko plazan egingo du itzulia.
Bonoak, prezio erdian
Udako bonuak ekainaren 2tik aurrera erosi ahal izango dira turismo-bulegoan, 10 euroan. Aldiz, zerbitzua hasten den egunetik aurrera, ekainaren 29tik aurrera, erosiz gero, 20 euro balioko dute. Hortaz, bonua erdi prezioan erosi ahal izateko azken eguna ekainaren 28a izango da. Bonuarekin nahi adina bidaia egin ahal izango dira.
Bonua erosteko, eskaera-orri bat bete beharko da turismo-bulegoan, eta karnet tamainako argazki bat entregatu. 2026ko bonoaren diseinua ezberdina izango da, herritarrek aurtengoa erabiltzen dutela erraz identifikatzeko.
Joaneko txartelak
Iaz bezala aurten ere, joaneko txartelak izango dira guztiak, eta euro bat balioko dute. Hau da, herrigunetik hondartzara joateko edo bueltatzeko erabili ahal izango da joaneko txartel bakoitza. Horrez gain, 15 joaneko txartel-sorta erosi ahal izango da 10 euroan.
Gidariak berak ere izango ditu salgai, baina kreditu-txartelarekin bakarrik erosi ahal izango dira trenean. Turismo-bulegoan eta kanpinean ere izango dira eskuragai. 3 urtetik beherako haurrek doan bidaiatzen dute.
