Herritar talde baten ekimenez, ekainaren 26an, ostiralarekin, San Pedro festetako danborrada egingo da Orion, festei hasiera emateko. Herritar guztiei zuzendutako ekimena izango da, eta izen-ematea zabalik egongo da ekainaren 3ra arte, galdetegi honen bidez.
Danborrada prestatzeko entseguak astero egingo dira: ostiraletan 19:00etan, eta larunbat zein igandeetan 12:30ean, egunak txandakatuz. Entsegu egunak hauek izango dira: ekainak 5, 13, 14, 19 eta 25. Parte-hartzaileek gutxienez hiru entsegutara joan beharko dute danborradan parte hartu ahal izateko, eta lehen entsegua ekainaren 5ean egingo da, 19:00etan, DBHko plazoletan.
Antolatzaileek jarriko dituzte danborrak eta barrikak, eta parte-hartzaileek gerrikoa eraman beharko dute. Instrumentuak izen-ematearen arabera banatuko dira.
Gainera, danborradarena mozorro eguna izango denez, parte-hartzaileei mozorrotuta joateko deia egiten zaie. Aurtengo gaia Euskal Telebista izango da: pilota partidak, Teleberria, marrazki bizidunak…
Afari herrikoia, danborradaren ondoren
Ekainaren 26an, danborradaren ondoren, parte-hartzaileek aukera izango dute plazan elkarrekin afaltzeko. Horretarako, antolatzaileek ogitartekoak prestatuko dituzte, eta izena emateko galdetegian aukeratutako ogitartekoa zehaztu beharko da. Afaria eskatzeko azken eguna ekainaren 23a izango da.
