Txurrumuski aisialdi-taldeak deialdia egin die herriko gazteei, elkartean boluntario-lana egiteko

Interesa duten gazteekin bilera egingo dute asteartean, irailak 28, KTA eraikinean (Kosta tailerra), 19:30ean hasita.

Txurrumuski aisialdi-taldeak urteak daramatza herriko haur eta gaztetxoekin lanean, udaleku irekiak antolatzen, Gaztelekua eta Ludoteka kudeatzen eta ezin konta ahala jarduera ludiko antolatzen.

Txurrumuskik bere lan-taldea osatu nahi du eta, horretarako, Orioko gazteen laguntza eskatu du, sare sozialetan argitaratu duten ohar baten bidez. Honela dio oharrak:

Kaixo gazte!

Ziur gaude Txurrumuskik behin edo behin zure aisiaz gozatzen lagundu dizula, eta orain zure txanda izan daiteke gaurko haur eta gaztetxoei aisiaz gozatzeko aukera eskaintzeko!

Herriko talde eragile garen heinean, komunitatean jardun eta eragiten dugu, Oriori aisialdi euskaldun eta inklusiboa bizitzeko aukera eskainiz, haur eta gaztetxoekin herriko kaleak girotu eta alaituta.

Gainera, herriko gazteak ezagunak izatetik lagun egitera pasatzeko aukera bikaina da, harreman berri eta ezberdinak sortuz. Guzti hori, abentura, esperientzia eta ikaskuntza berrietan murgilduta.

Beraz, 16 urte baino gehiago badituzu, eta gurekin guzti hori bizitzera konprometitzeko prest bazaude zatoz irailaren 28an, 19:30etan Kosta tailerrera. Zuen zain egongo gara!

Izan Txurrumuski!