Aste honetan hasi dira Txurrumuskiren udaleku irekiak, eta hilaren 30era bitartean, Orioko 280 haurrek parte hartuko dute goizeroko ekintza eta jolasetan. Aurten, herriko 29 monitore gazte ibiliko dira umeekin lanean, eta elkarrekin, primeran pasatuko dute datozen lau asteetan.
Gertuko tratua, goxotasuna, euskara eta herriko ondarearen transmisioa dira Txurrumuskiren balio nagusiak. Udalekuetan kalitatezko zerbitzua emateaz gain, herrigintzari ekarpen handia egiten diote urtean zehar, eta aurtengo sanpedroetan nabarmen ikusi da elkarteak egiten duen lan bikaina.
Izan ere, haur eta gaztetxoentzako erronkak eta bazkaria antolatu ditu Txurrumuskik festetan, Zaragueta Herri Eskolarekin eta Orioko Herri Ikastolarekin elkarlanean. Arrakasta handia izan zuen egunak, 10 urtetik 14 urtera bitarteko 140 parte-hartzailetik gora biltzea lortu baitzuten. Gozatu ederra hartu zuten!
Udaleku irekietarako kontratatzen dituzten monitoreez gain, urtean zehar herriko 40 gazte aritzen dira boluntario modura Txurrumuskin, eta haiei esker antolatu dira aurten Inauterietako desfilea eta plazako ikuskizuna, besteak beste.
Horregatik guztiagatik, Orioko Udalak Txurrumuskiren lana balioan jarri nahi du, eta eskerrak eman nahi dizkie haur eta gaztetxoekin bokazioz lanean aritzen diren guztiei.