Udalak urtero antolatzen duen eskola-umeen literatur eta marrazki-lehiaketak 38. edizioa du aurtengoa, eta sariak banatzeko ekitaldia bihar egingo du Udalak, maiatzaren 9an. Udaletxean izango da ekitaldia, 18:30ean hasita, eta saria irabazi duten haur guztiek hartuko dute parte. Plazan egitekoa zen ekitaldia, baina, euria iragarrita dagoenez, azkenean udaletxean egingo da, udalbatzarraren aretoan.
Sariak banatzen zinegotziak arituko dira, eta lehiaketaren irabazleei liburu eta oroitagiri bana emango diete, aurtengo lan sarituak jasotzen dituen liburuaren ale banarekin batera.
Aurtengo liburua
Urtero bezala, sari-banaketa ekitaldian aurkeztuko da aurtengo lanik onenak biltzen dituen liburua. 80 orrialdetik gorako liburu bat da, Orioko ikasleek egindako ipuin, olerki eta marrazkiak biltzen dituena.
Aurtengo liburuaren hitzaurrea Joxe Mari Unanuek egin du eta azaleko marrazkia, berriz, Alen Redondo Britt gazteak.