Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuko TREBA Gazteak programaren bidez, Begirada kritikoa eta diskurtso ukatzaileak hitzaldia emango dute Orion ekainaren 5ean, ostegunarekin. 17-24 urte arteko gazteei zuzenduta egongo da, eta saioan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da formulario honen bidez.
TREBA Gazteak gazteekin elkarlanean diseinatutako prestakuntza-programa bat da, eta haientzat interesgarriak eta beharrezkoak diren pilula laburrak eskaintzen ditu, gai hauen inguruan: sexualitatea, osasun mentala, suizidioa, ludopatia, ekologia, adimen emozionala, sare sozialak… Gazteen parte-hartzea sustatzeko metodologia eta dinamikak erabiltzen dira; informazio baliagarria jasotzeko ez ezik, ideiak partekatzeko ere balio dute hitzorduek.
Ekaineko saioa
Orioren kasuan, hainbat gai lantzeko saioak egin dira azken aldian, eta oraingoan, begirada kritikoa garatzeko eta diskurtso ukatzaileen aurrean nork bere pentsamoldea lantzeko saioa egingo dute. InteRed fundazioko kideak etorriko dira dinamika gidatzera eta saioa doakoa izango da.
Esan bezala, ikastaroa ekainaren 5ean izango da, ostegunarekin, Salatxo aretoan. Hiru orduko iraupena izango du, 17:30etik 20:30era, eta aurrez izena eman behar da lotura honen bidez.
Hitzaldia antolatzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez 10 lagunek izena ematea; horregatik, Udalak dei egiten du ekimenaren berri zabaltzeko, interesa eduki dezaketen herritarren artean.