‘Urak aske’ dokumentala proiektatuko da urriaren 7an 

 

Artikutzako Enobieta urtegia hustu zuten 2020an, izen bereko ibaiaren ertzetan bizi den satorren familiako muturluze piriniotarra babesteko. Urak aske dokumentalak, hain zuzen, horren alde lan egin dutenen istorioa kontatzen du. Ikus-entzunezkoa urriaren 7an eskainiko da kultur etxean eta, ondoren, solasaldia izango da Arturo Elosegirekin. Elosegi urtegia hustu zuen EHUko biologo-taldeko burua da eta aditua da ibaien ekologian. 

Bego Zubia Gallastegik zuzendutako dokumentalak Artikutzan gertatutako istorio harrigarria du oinarri. Duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako lur eremua da Artikutza, gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural sendoenetakoa. Bertan eraiki zen Enobietako urtegia 50eko hamarkadan, baina aspaldian ez zen erabiltzen. 

Aldiz, Enobieta ibaiaren inguruan bizi den eta desagertzeko arriskuan dagoen muturluze piriniotarrarentzat kalte handia eragiten zuen bi kilometro luzeko presak. Hori dela eta, EHUko biologo- eta ikertzaile-talde batek gidatuta, urtegian pilatutako bi milioi metro kubikoak hustu zituzten 2020an.

Antzeko kontua gertatu da Normandian. Vezins-eko presa handia kendu dute, Sélune ibaian bizi den izokinaren mesedetan. Dokumentalaren egileen hitzetan, «Ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haiek eraisteak aukera ematen dute etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko». 

Emanaldia Orion 

Urriaren 7an, ostiralarekin, eskainiko dute Urak aske dokumentala Orion. Martxoan Donostian estreinatu zenetik, Euskal Herriko hamaika herri eta hiritan proiektatu dute. 18:30ean izango da saioa, kultur etxean, eta jarraian, proiektuaren lider Arturo Elosegirekin solastatzeko tartea izango da.