Urola Kosta eskualdeak ‘Biosphere Destination’ ziurtagiria lortu du, turismo jasangarriaren alde egindako apustuagatik

Urola Kostako Udal Elkarteak Biosphere Certified Destination nazioarteko zigilua jaso du. Turismo jasangarrirako kudeaketa-sistema integrala da, eta 2030 Agendaren helburuekin lerrotuta dago. Zigilua lortu duen Gipuzkoako lehen eskualdea da. Atzo, maiatzaren 9an, egin zen horren aurkezpena Zarauzko Talaimendi auzoan, eta Ion Arozena Udal Elkarteko lehendakariaren alboan izan ziren bost herrietako alkateak, tartean, Anuska Esnal Orioko alkatea.

Administrazio publikoen, enpresa-ehunaren eta herritarren lankidetzan oinarrituta dago aitortza, eta Turismo Arduratsuko Institutua gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen du. Garapen Jasangarrirako 17+1 Helburuetan (GJH) sostengatzen da, eta etengabeko hobekuntza eta egiaztatze-prozesu bat da. Zigiluari lotuta, gainera, ekintza-plan bat ondu da gai hauen inguruan: ongizatea eta segurtasuna, hezkuntza, energia jasangarria, klima aldaketaren aurkako neurriak eta ekoizpen eta kontsumo arduratsua.

Urola Kostarentzat tresna garrantzitsua da Biosphere zigilua, datozen belaunaldientzat etorkizun jasangarriago bat eraikitzen lagunduko baitu. Horretarako, lankidetzan aritu beharko du eskualdeko enpresekin eta herritarrekin, eta zigilua berritzeko ezinbestekoa izango da Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orioko udalerrien arteko koordinazioa eta kudeaketa integrala.