Xabier Ayestaran aiarrak El club del 83 bere lehen eleberria aurkeztuko du maiatzaren 22an, ostiralarekin, 19:00etan kultur etxean. Lanaren nondik norakoak ezagutzeko, Ibon Gaztañazpik egingo dio elkarrizketa, zuzenean.
El club del 83 eleberria Octubre Negro argitaletxeak kaleratutako thriller psikologikoa da, eta Orio du istorioaren agertoki nagusi. Arraunaren legenda baten desagerpenak herria astinduko du, eta itxi gabeko zauriak irekiko dira berriro. Kasua argitzen ahaleginduko den Emiliano Rajado udaltzainak sekretuz eta misterioz beteriko ikerketa batean harrapatuta ikusiko du bere burua.
Nobela beltzaren kodeetatik abiatuta, iraganaren pisua, herri txikietako isiltasunak, leialtasunak eta erredentzioaren bilaketa bezalako gaiak izan ditu aztergai Ayestaranek. Eta Orioko arraunaren imajinarioa eta herriaren izaera ere ageri dira kontakizunean.
Saio irekia izango da, interesa duten herritarrentzat.
