Adineko oriotarren ahotsa biltzen ari da Udala

Udala elkarlanean ari da ahotsak.eus webgunea kudeatzen duen Badihardugu elkartearekin, Orioko adineko jendearen ahozko testigantzak jaso eta katalogatzeko.

Adineko jendea altxor bat da, emateko asko daukana: hizkuntza bizi-bizia, eskarmentua, jakintza, kontakizun ederrak… ahotsak.eus ekimena abiatu duen Badihardugu elkarteak Euskal Herri osoko lagunen ondare hori biltzen du eta, Orioko Udalarekin elkarlanean, gure herriko jendearen testigantzak ere jasotzen ari da.

Udalarekin iaz abiatu zuen elkarlanari esker, dagoeneko 14 oriotarren testigantzak jaso ditu Badihardugu elkarteak ahotsak.eus webgunean: batzuk bideoan eta beste batzuk audioan. Udalaren eta Badihardugu elkartearen asmoa da testigantzak jaso eta katalogatzen segitzea eta, pixkanaka, hasitako lana osatzen joatea.

Udalaren webgunean ere ikusgai

Udal-webgunean ere atal bat sortu du Udalak, herriko testigantza horiek ikusi ahal izateko:

https://orio.eus/orio/orioko-ahotsak

Momentu honetan 14 testigantza jasotzen ditu atalak, oso interesgarriak edukiaren aldetik eta hizkuntzaren ikuspegitik. Testigantza berriak sortu eta katalogatu ahala, zerrenda osatzen eta aberasten joango da Udala.