Aldundiak eta Orioko Udalak hitzarmen bat sinatu dute, Udalak Mutiozabal ontziola eskura dezan

Kultura diputatu Denis Itxasok eta Orioko alkate Jose Angel Zalduak hitzarmena sinatu dute gaur, urtarrilak 26, eguerdiko 12:00etan, Udalak Mutiozabal ontziola eros dezan.

Aldundiak 47.981 euroko diru-laguntza emango dio Orioko Udalari erosketa horretarako; kostu osoa, alegia.

Euskal ontzigintza tradizionalaren erakusle bikaina

Denis Itxasok Mutiozabal ontziola berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du ekitaldian. “Euskal ontzigintzaren tradizioaren erakusle bikaina da eta guri dagokigu memoria bizirik mantentzea. Horretarako, ezinbestekoa da gure ondarea babestea”, esan du.

Itxasok gogora ekarri du Gipuzkoak itsasoarekin eta ontzigintzarekin izan duen lotura. Lotura horrek emakume eta gizonen bizimodua baldintzatu du. “Itsasoa gure nortasuna da eta Aldunditik ahalegin berezia egiten dugu ondare hori bizirik mantentzeko. Horregatik babesten ditugu gizon eta emakume haien bizimodua gogora ekartzen digun Donostiako Untzi museoa edota XVI. Mendeko San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari den Albaola Museoa”.

“Baina ondarea babestea eta ezagutzera emateaz gain, Aldundian jakin badakigu itsasoak balio kultural eta turistiko handia duela. Gipuzkoak kalitatezko turismoa eskaintzen du, besteak beste, kultura eskaintzen duelako. Eta lehen aipatu ditudan museoak oso erakargarriak dira. Horregatik, ontziola honek gure iragana erakusteaz gain, Oriora bisitariak erakartzea espero dut. Gainera, bisitari horiek xarma handia duen herria ezagutzeko aukera izango dute”, adierazi du Itxasok.

Bi urteko epea, berreskuratze-lanak egiteko

Jose Angel Zaldua alkateak adierazi duenez, ontziola erosi ondoren, Udalak berreskuratze eta kontsolidazio lanak egingo ditu, eraikinaren sendotasuna eta egonkortasuna bermatzeko.

“Baina eraikinaren berreskuratzea ez ezik, ontziolan gune bizi bat sortu nahi dugu. Espazio horretan ontziak konponduko dira, eta itsasoarekin lotutako hainbat jarduera antolatuko dira”, esan du Zalduak.

Lan horiek egiteko bi urteko epea markatu dutela esan du alkateak.

Ondoren, Kultura batzordeko buru Lourdes Salsamendik hartu du hitza eta adierazi du proiektu oso interesgarria dela Mutiozabal ontziolarena, eta dagoeneko hainbat gestio egin dituela, bertan egin daitezkeen jarduerak-eta aztertzeko: “Jende askoren ekarpena espero dut egitasmo eder hau aurrera ateratzeko, eta nahi nuke herritarrek proiektua bere egitea”.

Prentsaurrekoa bukatzeko, Denis Itxasok eta Jose Angel Zalduak eskerrak eman dizkiete eraikinaren jabeei, eta adierazi dute oso erraza izan dela haiekin ados jartzea.

Ontziolaren garrantzia

Oriok itsasoarekin lotura handia izan du betidanik. Arrantza eta kirol arraunketaz aparte, Oriok badu ontzigintzarekin erlazionatutako tradizio garrantzitsu bat. Herrigunean 8 ontziolatik gora egon izan dira historian zehar, eta horietatik Mutiozabalgo ontziola da gaurko egunera iritsi den bakarra.

Udaletxe parean, kostako errepidearen eta itsasadarraren artean dago Mutiozabal ontziola. Han hasi zen lanean Antonio Mutiozabal 1919an. Ontziola habearte bakarreko nabea da, banaketarik gabe eta Orioko erriora ematen duen arrapala dauka. XX. mendean zurezko ontzigintzan aritu ziren ontziolan, eta handik atera ziren baxurako arrantzako hainbat ontzi: Padre Lerchundi, San Antonio, San Nicolás, Madre Guadalupe…

1990ean Untzi Museoak Francisco Carrera “Txanka”ri, garai hartako jabeari, Erdi Aroko baleontzi bat eraikitzea eskatu zion. 1991 eta 2007 artean Untzi Museoko erakusketa iraunkorrean egon zen baleontzi hura, eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren biltegian gordeta dago.

Orioko ontziola balore handikoa da historia eta ondare aldetik. Zurezko ontziak egiten aritzen ziren erriberako ontziolak pixkanaka desagertzen joan dira, eta hau da Gipuzkoan geratzen den bakarra. Euskal ontzigintzaren tradizioaren erakusle bikaina da. Euskal Herriko beste ontziola tradizional garrantzitsua Lekeitioko Mendietakoa da, Kultur ondare izendapena duena.