Aste Berdea antolatu du Udalak

Udaleko Ingurumen batzordeak Aste Berdea antolatu du ekainaren 12tik 21era, Herrio natur taldearen eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren laguntzarekin.

Aurtengo Aste Berdearen gaia ibaia izango da.

Programa

Ekainaren 12tik 20ra bitartean erakusketa izango da zabalik kultur etxean. Erakusketa Jaurlaritzako Ingurumen Sailak prestatu du eta IBAI ALDE du izena. Ibaien eta ibai inguruen balio ekologikoaz kontzientzia sortzeko helburuarekin egindako erakusketa da eta zabalik izango da kultur etxeko areto nagusian arratsaldero.

Ekainaren 16an txotxongilo emanaldia izango da kultur etxean. Enkarni Genua ezagunak Erreka Mari izeneko lana aurkeztuko du, 17:30ean hasita.

Ekainaren 21a, larunbata, Ibaiaren Eguna izango da.

Goizean, 10:30ean, plazan bilduko dira boluntarioak, ibaiertza garbitzeko. Nahi duten guztiek ?haur, gazte eta guraso? uretako botak eta arropa zaharrak jantzita azaldu behar dute plazara eta handik antolatuko dira taldeak.

Arratsaldean, 16:00etan hasita, marrazki lehiaketa izango da plazan. Hiru maila izango dira: 0-8 urtekoak, 9-16koak eta 17 urtetik gorakoak.

Ondoren, 18:00etan, merienda egingo dute parte hartzaileek eta bertara azaltzen diren guztiek eta, segidan, 18:30ean, marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo da.