Autokarabanen aparkalekuen gaia arautu du Udalak

Udalak hainbat bilera egin ditu azken hilabeteotan, autokarabanen aparkalekuen gaia aztertzeko. Alde batetik, hainbat aldiz bildu da herriko autokarabana-jabeekin eta, bestetik, bilerak egin ditu autokarabanekin kexak zituzten bizilagunekin. Autokarabanen aparkalekuen gaiak gatazkak sortu izan ditu, autokarabanen kopurua asko handitu delako azken urteotan eta behar bezala arautu gabe zegoelako.

Herritarren elkarbizitza eta irisgarritasun-irizpideak zaintzea lehentasunezkoa da Udalarentzat eta, horretarako, ezinbestekoa ikusi du autokarabanentzako eremuak zehaztu eta mugatzea eta hirigunetik ateratzea. Prozesu guztia autokarabana-jabeekin eta eragindako herritarrekin harremanetan egin du Udalak, adostasunak eta konplizitateak bilatuz, guztiek zutelako gaiari irtenbide egokia emateko interesa.

Udalak joan den astelehenean egin zuen bilera herriko autokarabana-jabeekin eta guztiak pozik agertu dira lortutako adostasunagatik.

Hiru gune, autokarabanak eta ibilgailu luzeak aparkatzeko

Udalak ordenantza bat prestatu du, autokarabanen gaia arautzeko eta, horrez gain, hiru gune egokitu ditu herrian, herritarren eta bisitarien autokarabana eta ibilgailu luzeentzat (6 metro luzetik gorakoentzat): bat, herriko autokarabana-jabeentzat, eta beste bi, kanpotik datozenentzat.

Hauek dira guneak:

  • Autopista azpiko aparkalekuan, errio aldean, gune bat egokitu da herriko autokarabana-jabeentzat. Eremu horretan 25 plaza egongo dira, herritarrek doan erabili ahal izango dituztenak beren autokarabana edo ibilgailu luzea aparkatzeko. Udalak uste du, hasiera batean, plaza-kopuru hori nahikoa izango dela herritarren beharrak asetzeko. Dagoeneko erabilgarri dago eta datozen egunotan markatuko da eremua eta jarriko dira seinaleak.
  • Autopista azpian, errepidearen bestaldean, kanpotik datozen autokarabanentzako gunea dago, 18 plaza dituena. Gune hori ordainpekoa da eta ibilgailuek TAOko tarifak ordainduko dituzte, han aparkatzeagatik. Gehienez ere bi gau egin ahal izango dituzte gunean eta aukera izango dute ur-deposituak betetzeko eta ur zikinak husteko.
  • Ortzaika auzoan beste 10 ibilgailurentzako gune bat dago. Ortzaikako gunea doakoa da eta ez du ura betetzeko edo husteko zerbitzurik.

Gune berriak martxan jartzearekin batera, Udalak galarazi egingo du autokarabanak herrigunean aparkatzea, horren luzeak izanda arazoak sortzen dituztelako irisgarritasunerako, espaloiak okupatzen dituzte-eta. Bestalde, Abaromendi auzoko aparkalekuaren sarreran galiboak jarriko ditu Udalak, hara autokarabanarik ez sartzeko.

Udala gustura prozesuarekin

Udala gustura geratu da arazoari irtenbidea emateko egin den prozesuarekin eta eskerrak ematen dizkie parte hartu duten guztiei, erakutsi duten borondate onagatik eta ados jartzeko jarreragatik. Prozesu parte-hartzailea izan da eta, azkenean, lortu dute guztien ikuspegiak uztartzea eta irtenbide egokia adostea.

autokarabanak21