Zabalik dago izena aurretik emateko epea datorren ikasturtean Zumaiako Soldadura Zentroan Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasteko

Urola Kostako Udal Elkarteak Zumaian duen Soldadura Zentroan soldadura, fabrikazio eta muntaketako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikas dezakete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urteko gazteek. Ikasketa praktikoak dira, soldadurako lanbidearen oinarrizko ezagupenak eskuratzeko.

Oinarrizko Lanbide Heziketa: soldadura, fabrikazioa eta muntaketa

Hauek dira ikasketen ezaugarriak:

  • Nori zuzendua: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Plaza librerik izanez gero, 17urtetik gorakoek ere izena eman dezakete.
  • Helburua: batetik, ikasketa praktikoaren bidez, soldadura, fabrikazio eta muntaketaren oinarrizko ezagutzen jabe izatea eta, bestetik, ikasketei jarraipena ematea erdi mailako ziklo bat eginez.
  • Bi ikasturte: Ikusi edukien programa esku-orri honetan. Bigarren ikasturtean praktikak egiten dira eskualdeko lantegietan.
  • Egutegia eta ordutegia: Irailetik ekainera. Goizeko ordutegia.
  • Aurre izen-ematea: Zabalik ekainaren 18ra arte, Soldadura Zentroan: Tel. 943 862 576, soldadurazentroa@urolakosta.eus

Hezkuntza arautua

Soldadurako Oinarrizko Lanbide Heziketako programa hau Lanbide Heziketako sisteman sartuta dago, hezkuntza arautua da eta Urola Kosta Udal Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dirulaguntzarekin antolatuta dago.