Igandean, uztailak 19, Orioko 30. estropadak jokatuko dira Orioko uretan, eguerdi inguruan. Estropada-eremua aurreko bi urteetako bera izango da: Orioko kanpoko espigoiaren aurretik abiatu eta Mollarri aldera.
Euskotren ligako estropada jokatuko dute neskek aurrena, 11:40ean hasita: 8. ORIO KANPINA bandera.
Ondoren, Eusko Label ligako estropada jokatuko dute mutilek: ORIOKO 30. ESTROPADAK. 8. ORIO KANPINA bandera.
Aurreko urtetan bezala, Oriok udal-kanpinean egin dute aurkezpena antolatzaileek, gaur eguerdian. Bertan izan dira Arraun Elkarteko eta Orioko Udaleko ordezkariak, argazkian ikusi daitekeen bezala.
Estropadak telebistaz ikusteko deia
COVID-19ak sortutako osasun-krisia dela eta, ez da aukerarik egongo estropadak bertatik bertara ikusteko, ez kanpoko espigoitik eta ezta Itxaspebideko aldapatik.
Anuska Esnal alkateak dei egin die herriko nahiz kanpoko arraunzaleei estropadak telebistan ikusteko, arriskua sortu dezaketen jende-pilaketarik izan ez dadin: «Guztiok nahi izaten dugu gure neska-mutilak zuzenean animatu eta estropada-giroa bertatik bertara gozatu, baina bizi dugun egoera honetan, zuhurtzia, ardura eta elkartasuna eskatu behar diegu herritarrei eta ez dugu arriskurik hartu behar. Etorriko dira berriro garaiak estropadak lehengo eran gozatzeko, baina, gaur-gaurkoz, ekintza solidario bat da etxean geratu eta gure arraunlariak telebistaz ikustea».