Bertso-saioa izango da igandean Orion, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen-faseari dagokiona

GIPUZKOA BERTSOTAN izenpean jokatuko da aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen-fasea. Maiatzaren 4an hasiko da Asteasun eta Idiazabalen eta 25ean bukatuko da, Donostian.

GIPUZKOA BERTSOTAN udazkenean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen-fasea da. Guztira, 84 parte-hartzaile izango ditu sailkapen-faseak; eta, horiekin batera, 15 gai-jartzaile, 18 epaile, 3 idazkari eta beste hamaika kide arituko dira antolakuntza lanetan.

Maiatzaren 4tik 25era 14 saio jokatuko dira beste horrenbeste herritan. Egun bakoitzean, ordu berean, bi saio izango dira.

Maiatzaren 5ean, igandearekin, Orion

Sailkapen-faseko saioetako bat Orioko kultur etxean izango da igande honetan, maiatzak 5, 17:00etan hasita.

Saioaren aurkezlea Uxune Areizaga Aranberri izango da eta bertsotan, berriz, honako hauek arituko dira:

  • Asier Azpiroz Iztueta
  • Oier Aizpurua Olaizola
  • Urko Egaña Calderon
  • Andoni Otamendi Arsuaga
  • Joseba Andoni Agirre Orbegozo
  • Jokin Irastorza Zabalegi

Bertsolariek bost ariketa hauek egin beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, bina bertso
  • Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, bina bertso
  • Kartzelako lana: binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso

Sarrerak egun berean

Sarrerak egun berean jarriko dira salgai kultur etxean, 16:00etan hasita. Bertsozale Elkarteko kideek eta 6-16 urte arteko gazteek 5 euro ordainduko dute eta gainerakoek, berriz, 7 euro.

Kontuan hartuta aretoaren aforoa mugatua dela, komeni da garaiz ibiltzea sarrera hartzeko.