Birziklatze-tasa 30 puntu igo da eskualdean, Hondakinak Biltzeko Sistema Berria indarrean jarri zenetik

Hondakinak Biltzeko Sistema Berria abian jarri zenetik nabarmen igo da ondo sailkatutako hondakinen kopura. Dagoeneko hiru hilabete pasatu dira sistema berria abiatu zenetik eta eskualdeko herritarrek gehiago birziklatzen dutela adierazi du Urola Kostako Udal Elkarteko presidente Igor Iturainek.

Birziklatze-tasa %38tik %68ra pasatu da

Hondakin-bilketaren aurtengo otsaileko, martxoko eta apirileko datuak iazkoekin alderatuta, eskualde osoko kaleko edukiontzietan ondo sailkatuta jaso diren hondakinen ehunekoa 30 puntu igo da. 2017ko apirilean hondakinen %38,26 jaso zen ondo sailkatuta eta aurtengoan, %68,14. Urola Kosta osatzen duten bost herrietako kaleko edukiontzien datu orokorra da hori.

Indarrean jarri diren hiru bilketa zerbitzuek antzeko emaitza izan dute. Kaleko edukiontzien kasuan, sistema berria ezarrita, martxoan hondakinen %66,77 bildu zen ondo sailkatuta eta apirilean %68,14 (urtarrilean %45,81 eta otsailean %43,01); merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduen puntuz puntuko bilketan, %79,66ko sailkatze tasa lortu da apirilean; eta, azkenik, industrialdeetako enpresen kasuan, %71,86koa.

Balorazio ona egin du Igor Iturainek

Urola Kostako Udal Elkarteko presidentearen iritziz, “balorazioa ona da, jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dugulako. %38 ondo bereiztetik %68 ondo bereiztera pasatu gara, eta argi dago igoera hori jende askoren ahaleginari esker lortu dela: herritarrak, establezimenduak, enpresak, udalak, alderdi politikoak, zerbitzuaren arduradunak…

Igor Iturainek pozik hartu ditu lehenengo datuak, baina zuhurtziaz jokatzeko mezua zabaldu nahi izan du. “Bagoaz, bai, baina oraindik asko dugu egiteko eta lanean jarraitu behar dugu: ordezkari politikoei dagokigu sistema etengabe hobetzea; eta herritarrei eta establezimendu eta enpresetako langile eta ordezkariei, orain arte bezala, arduraz jokatzea zerbitzua egonkortzeko. Guztion zeregina da”.

Egokitzapenak zerbitzuetan

Horren harira, datozen hilabeteetan sistema hobetzeko egokitzapenak egingo dituztela aurreratu du Igorrek agerraldian. Horretarako, herritarrekin, merkataritza eta ostalaritzako establezimenduekin eta industrialdeetako enpresekin elkarlanean ari direla azaldu du. Harreman horietatik sortu dira hainbat proposamen, zerbitzua egokitzeko, datozen aste eta hilabeteetan aplikatuko direnak.

Horietako batzuk aurreratu ditu Igorrek prentsaurrekoan. Esate baterako, edukiontzietan egokitzapenak egin dira: aho-ertzak konpondu, zauriak ekiditeko; babesgarriak jarri dira poltsak kateatuta ez geratzeko; eta ondorengo hilabeteetan nabarmentzekoa: edukiontziei pedala jarriko zaie, herritarrek zaborra errazago botatzeko. 

Txartel eta bilketa puntuetan ere egokitzapenak izango dira. Batetik, bilketa puntuak aldatzeko eskaerak tramitatzen jarraituko da eta, bestetik, bigarren txartela eskuratzeko aukera aztertzen ari da Udal Elkartea.

Udako kanpaina

Urola Kostan turismoak eta aisialdiak duen garrantzia ikusita, ekainean udako kanpaina hasiko dutela iragarri du Igor Iturainek. “Aste Santuko oporraldia proba garrantzitsua izan zen eta, oro har, ondo erantzun dugun arren, ikasitakoa ezinbestekoa izango da datorren udaldiari aurre egiteko. Era berean, datorren uda hau ikasbide garrantzitsua izango da hurrengoetarako”.

Urola Kostak udako sasoian izaten dituen bisitariak kontuan hartuta, nabarmen handitzen da sortutako hondakin kopurua ere. Hori dela-eta, ekainerako “beste neurri batzuk aztertzen ari gara”, gaineratu du Igor Iturainek.

Datuak eskura Udal Elkartearen webgunean

Hondakinen bilketari buruzko datuak eskura dituzu gure webgunean:

http://www.urolakosta.eus/eu/web/ingurumena-urolakosta/bilketa-datuak

Atal horretan hainbat datu eta fitxategi dituzu, horien artean hondakinak biltzeko sistema berriaren lehen hilabeteotako datuen laburpen-txostena.

Ondoren dituzu, koadro batean bilduta, datu nabarmenenak:

hondakinbilketarendatuak18