Edalontzi berrerabilgarrien erabilera arautu du Udalak

Badira urte batzuk Udalak edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen dituela herriko festa eta ospakizunetan. Herrio taldearen ekimenez hasi ziren erabiltzen 2003an, ‘Aukeran, garbian edan’ ekimenaren baitan.

Udalak erabiltzeaz gain, edalontzi horiek herriko talde eta elkarteen eskura izaten dira eta gero eta gehiago erabiltzen dira. Udalak, hori ikusita, Herrio taldearen proposamenez, edalontzi horiek erabiltzeko araudi bat aztertu eta onartu du. Herrio taldeak orain dela 9 urte proposatutako araudia hartu du oinarritzat Udalak, eta hura egokituta osatu du testu berria.

Araudi horretan, besteak beste, honako hauek zehazten dira: zein diren edalontziak erabiltzeko baldintzak, zein prozedura erabili behar den eskatzeko, arduradunak zein diren eta abar.

Araudia oriora.com-eko ingurumen atalean dago ikusgai, edozeinek deskargatzeko (PDF formatuan):

http://www.oriora.com/images/stories/orio/atalak/ingurumena/edalontziberrerabilgarriak.araudia.pdf