Ekiten topaketa egingo da maiatzaren 15ean, ekintzaile eta enpresarientzat, bezeroak hobeto ezagutzeko

Eskualdeko ekintzaile eta enpresariak elkartzeko gunea dira Ekiten topaketak. Topaketen helburua lan giro egoki bat sortu eta ekintzaile eta enpresariei benetan interesatzen zaizkien gaiak partekatzea da, horiei buruz hitz egiteko eta elkarrekin ekimen berriak garatzeko. Topaketak “Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema” proiektuaren barruan antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak.

Hiru topaketa antolatu dira aurten. Lehendabizikoa apirilaren 24an egin zen eta hau izan zuen gaia: ekintzaile eta enpresarien behar eta erronkak.

Bigarren topaketa, maiatzaren 15ean

Bigarren topaketa maiatzaren 15ean izango da, 12:30etik 16:00etara, Udal Elkartearen egoitzan.

Landuko den gaia hau izango da: Gure bezeroak hobeto nola ezagutu? Horri erantzuteko, galdera hauek planteatuko dira:

  • Nola zehaztu zein segmentutara zuzendu?
  • Zer ezaugarri dituzte gure bezeroek?
  • Zer jokaera mota dute nik asebetetzen dudan beharraren inguruan?
  • Zer beste baliabide ditut inguruan nire bezeroari balio gehigarri bat emateko?

Hirugarren topaketa ekainaren 5ean izango da, Udal Elkartearen egoitzan.

Topaketak Olaia Agirrek dinamizatzen ditu (OAZ COACHING aholkularitza-etxea).

Norentzat

  • Ekimen, proiektu, negozio edo enpresak bultzatzen eta garatzen ari diren pertsonentzat.
  • Negozio edo enpresa bat sortzeko asmoa duten pertsonentzat.
  • Ekintzaile sena duenarentzat, bere esku dagoena eginez besteei lagundu nahi dienarentzat, aukerak sortzen lan egin nahi duenarentzat.
  • eta hau irakurri eta interesa eta parte hartzeko gogoa sentitu baduzu, zuretzat ere bai

Informazioa eta izen-ematea

Topaketatan parte hartzeko izena eman behar da, telefonoz, emailez edo webgunean eskura dagoen formularioaren bidez.

Zer da Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema?

Gure bailaran (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) ekintzaile eta enpresari asko ari dira proiektuak gauzatzen eta negozioak eta enpresak aurrera ateratzen, hitz batean, gure eskualdeari onura ekonomiko eta soziala ekartzen.

“Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema” egitasmoaren bidez, ekintzaile eta enpresarien lana azaleratu eta ezagutzera eman nahi dugu, beren arteko harremana sustatu nahi dugu eta laguntza eta baliabideak eskaini nahi ditugu, izan ditzaketen beharrei erantzuteko.

Webgune bat jarri dugu martxan, www.ekiten.org, ekintzaileen lan eta ahalegina erakusteko eta ekimen honetan antolatuko ditugun ekintzen informazioa eskaintzeko (topaketak, agenda, informazio interesgarria…).

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa jaso du “Enpresak Sortu eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren» baitan (2017ko deialdia, GAO, 2017-07-04, 127 zk).