Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituan aldatzeko tramitazioa abiatu du Udalak eta, tramitazio horren barruan, herritarrek parte hartzeko plan bat jarri du martxan, aldaketaren sustatzailearekin batera.
Herritarrek jakin dezaten zein den planteatzen den aldaketa, erakusketa jarriko da Arraunetxen uztailaren 21etik 30era bitartean eta nahi duten guztiek bisitatu ahal izango dute. Erakusketa hainbat panelez osatuko da eta, panel horien bidez, Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituan planteatzen den garapena azalduko da, datu zehatzak emanez: eraikiko den etxe-kopurua, horien ezaugarriak, espazioen antolamendua, dotazioak…
Erakusketa egun eta ordu hauetan izango da zabalik:
- Uztailak 21, 18:00 – 20:00
- Uztailak 22, 10:00 – 12:00 eta 18:00 – 20:00
- Uztailak 23, 10:00 – 12:00
- Uztailak 27, 18:00 – 20:00
- Uztailak 28, 10:00 – 12:00
- Uztailak 29, 18:00 – 20:00
- Uztailak 30, 10:00 – 12:00
Informazio-saioa uztailaren 23an, 19:00etan
Erakusketaz gain, jendaurreko informazio-saio bat egingo dute aldaketaren sustatzaileek. Dikeko eta Kofradiako Kontzertazio Batzordea da Plan Orokorraren aldaketa hau sustatu duena eta proiektua idatzi duen taldeak emango ditu azalpenak informazio-saioan.
Saioa uztailaren 23an egingo da, Arraunetxen bertan, 19:00etan hasita, eta irekia izango da interesa duten guztientzat. Bilera horretan, xehetasunez azalduko dira planeamendu-aldaketaren alternatibak eta helburuak, proposamenak, egindako txostenak eta abar. Aldaketa-proiektua idatzi duen taldeak gidatuko du saioa eta bertaratuen galderei erantzungo die, proiektuaren arrazoiak eta justifikazioak argituz.
Informazio-saioa egin ondoren, 10 eguneko epea irekiko da interesa duen edozein herritar edo elkartek egoki iruditzen zaizkion iradokizunak edo alegazioak aurkezteko.
Erakusketa zabaltzearekin batera, Udalak partehartze-prozesuari dagozkion dokumentuak zintzilikatuko ditu webgune honetan, nahi duenak aukera izan dezan etxetik deskargatzeko eta aztertzeko.