Euskarazko prestakuntza-saioak antolatu ditu berriz Urola Kostako Udal Elkarteak, enpresa txikiei bideratuta

Enpresa Euskaraz Handitzen ekimenaren baitan, eskualdeko enpresa txikiei bideratutako euskarazko prestakuntza-saioak antolatu zituen Urola Kostako Udal Elkarteak urtarrilean. Martxotik aurrera, bigarren deialdia zabalduko da. Berrikuntza bezala, ekintzaileei zuzendutako saio bereziak ere prestatu ditu.

Saio teoriko-praktikoa martxoaren 26an

Urrats bat gehiago emateko borondatearekin antolatu dira enpresa txikiei zuzendutako saio teoriko-praktikoa nahiz ikastaroa. Saio teoriko-praktikoan hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak azalduko dira; besteak beste, enpresa hobetzeko aukeren identifikazioa, marketina eta publizitatea, ingurune digitala, eta idatzizko eta ahozko harremanak.

Saioa martxoaren 26an egingo da, 13:30etik 15:00etara bitartean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Testu laburrak lantzeko ikastaroa maiatzean eta ekainean

Era berean, lanean idazten diren ohiko testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa prestatu dugu. Saio hauen bidez, Urola Kostako enpresa txikiei lanean ohikoak dituzten testu eta mezu laburrak euskaraz idazteko erremintak emango zaizkie; testu mota desberdinak ezagutu eta idazteko aholkuak, Euskaltzaindiaren oinarrizko arauen lanketa, edota testuen egituraren azterketa.

Ikastaroa hiru egunetan egingo da; maiatzaren 8an eta 22an, eta ekainaren 5ean. Saio guztiak 13:30etik 15:00etara bitartean izango dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Hizkuntzen kudeaketari buruzko saioak apirilean

Ahalik eta enpresa gehienengana iristeko, ekintzaileei bideratutako saioak ere prestatu ditu Udal Elkarteak, Ekiten eta Enpresa Euskaraz Handitzen programak uztartuz. Modu honetan, eskualdeko ekintzaileek hizkuntza hobeto kudeatzeko saio teorikoak eta praktikoak izango dituzte: apirilaren 9an euskaraz, eta apirilaren 16an gaztelaniaz.

Euskarazko zein gaztelaniazko saioak parte-hartzaileak izango dira, eta aurkezpen teorikoa osatzeko adibideak aurkezteaz gain, simulazioak eta bestelako ariketak egingo dituzte partaideek.

Izen-ematea

Saioetan parte hartzeko interesa duten Urola Kosta bailarako enpresa txikiek eta ekintzaileek dagoeneko eman dezakete izena Udal Elkartearen webguneko formulario hau beteta.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez: