Eusko Jaurlaritzak berretsi du euskaraz arituko dela aurrerantzean Orioko Udalarekin

Orioko Udalak, UEMAko beste hainbat herrirekin batera (Zumaia, Azpeitia, Bermeo, Itsasondo, Markina-Xemein…), elkarren arteko harremanak euskaraz nahi zituela adierazi zien Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari, urtearen hasieran. Bai Jaurlaritzak eta bai Aldundiak konpromisoa hartu zuten orduan, aurrerantzean hala izateko.

Aste honetan, Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, Eusko Jaurlaritzak berretsi du udalen eskaera horiek jaso zituela eta gobernuko sailei eskatu diela neurriak hartzeko, udalen nahia betetzeko. Jaurlaritzak adierazi du bide hori —hainbat udalekin euskara hutsezko harremana bideratzea— ‘oso eraginkorra dela’, euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko eta ekimen garrantzitsua dela.