Gipuzkoako Foru Aldundiak, Garapen Elkarteak eta Gipuzkoako garapen agentziek (gure eskualdeari dagokionez, Urola Kostako Udal Elkarteak) GARAITUZ PROGRAMA jarri dute martxan, egoera larrian dauden baina bideragarriak izan daitezkeen Gipuzkoako enpresei laguntzeko.
Ekimenaren jatorria
- Gipuzkoako enpresa gehienak txikiak edo tamaina ertainekoak dira. Horrekin batera Gipuzkoa lurralde industriala dela esan daiteke, izan ere BPIaren %25 baino gehiago jarduera sektore horretako enpresek sortzen dute.
- Hazkunde ekonomikoko urteetan enpresa txiki eta ertain gehienak traktore diren enpresa handiagoen itzalean hazi eta garatu dira, lehiakortasunaren ikuspegitik abantailarako alderdiak bereziki landu gabe. Horren ondorioz, krisialdiaren eraginez, lan-eskariek behera nabarmen egin dutenean, enpresa asko baliabiderik gabe geratu dira egoera berrira egokitu eta lehiatu ahal izateko.
- Enpresa askok, hazkunde urteetan, beren baliabide eta ahalegina bideratu du bezeroen eskari handiei erantzutera eta alde batera utzi dituzte berebiziko garrantzia duten beste alderdi batzuk: merkatura begira lan egitea, gaitasun eta konpetentzia egokiko lantalde diziplina anitzekoa izatea, kudeaketa eta antolaketa sistema aurreratuak…
- Enpresa askok, halaber, ekoizpenaren hazkundeari aurre egiteko inbertsioak egin dituzte, maileguen bidez, eta une honetan finantza zor handiak dituzte eta ezintasunak dituzte ordaintzeko, jarduerak behera egitearen ondorioz, sortzen duten cash-flowa ez delako aski zorren ordainketei aurre egiteko.
Zer da Garaituz programa?
Foru Aldundiak garapen agentziekin elkarlanean bideratutako programa, egoera larrian dauden baina itxura batean bideragarriak izan daitezkeen enpresei laguntzeko, beren lehiakortasuna hobetu dezaten. Gipuzkoako 100 enpresa txiki eta ertainei emango zaie laguntza.
Zertan datza laguntza
Egoera larrian dauden enpresei honako laguntza emango die programak:
- Bideragarritasun azterketa sakona egin
- Arazoak zehatz mehatz identifikatu
- Ekintza plan bat prestatu eta martxan jarri
Jarri harremanetan Urola Kostako Udal Elkartearekin
Urola Kosta eskualdean hainbat erakundek harreman estua dute enpresekin (finantza erakundeak, gestoria edo artekaritza zerbitzuak…). Garrantzitsua da eragile horiek programa honen berri izatea, egoera horretan dauden enpresei informazioa eman eta ekintza-planak garatzeko unean norabide berean jokatzeko.
Informazioa
Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak
Aintzane Ruesgas, 943890808, enpresa@urolakosta.org