Udalak eta Maria Maestra haurreskolako gurasoen batzordeak jakin nahi dute ea zenbat diren datorren ikasturtean (irailean hasita) Haurreskolaren zerbitzuak erabili nahi dituzten gurasoak; hartara, gaur egungo plaza kopurua handitzeko premia egongo balitz, Haurreskolen Partzuergoari eskaria bideratzeko.
Zerbitzua erabiltzeko asmoa duten gurasoei Udalak eskatzen die, beraz, Haurreskolatik pasatzeko eta han eskuragarri dagoen zerrendan izena emateko.
Izen-emate horrek ez du matrikulazio ofizialaren baliorik izango; baina Udalak baliatu ahal izango du, premien balorazio zehatzagoa egin ahal izateko.
Zerrendan izena emateko epea otsailaren bukaera artekoa izango da.
Otsailaren 14an bildu ziren Udaleko ordezkariak herriko gurasoekin kultur etxean eta bileran hartu zen zerrenda hori osatzeko erabakia. Kultur etxeko bilerara 18 haurren gurasoak agertu ziren eta horrek erakusten du gaiarekiko kezka badagoela.
Behin zerrenda osatuta dagoenean, Udala berriro bilduko da Partzuergoarekin, gaia aztertzeko eta, beharrezko balitz, plaza-kopurua gehitzeko eskaria egiteko.