Hondartza elkarlanean garbitzeko deia egin dute herriko hainbat taldek larunbaterako

Azken urteotan urtero egiten da hondartza garbiketa Orion (goiko argazkia 2013ko garbiketarena da). Ekintza parte-hartzailea izaten da, hainbat taldek deitzen dutena (Orioko Surf Taldea, Herrio natur taldea, Orioko herri ikastola eta Zaragueta ikastetxea) eta irekia da edozein herritarrarentzat.

Aurtengo garbiketa larunbat honetan izango da, martxoak 22, goizeko 11:00etan hasi eta 13:30ak arte. Laguntzera bertaratzen direnentzako hamaiketakoa prestatuko dute antolatzaileek.

Garbiketa kanpaina hau mundu osoan antolatzen du Surfrider talde ekologistak eta Europan, esaterako, oso finkatuta dago dagoeneko. Beheko helbidean ikus daiteke zenbat tokitan egingo den garbiketa aurten:

http://www.initiativesoceanes.org/

Antolatzaileek adierazi dutenez, garrantzitsua da egun horretan egiten den garbiketa lana, baina are eta garrantzitsuagoa da ekimen horren bitartez lortzen den sentsibilizazioa.