Hondartza garbituko dute larunbatean surf taldeak eta Herrio taldeak

Urtero bezala, hondartza garbitzeko deialdia egin dute Orioko surf taldeak eta Herrio natur taldeak.

Hondartza garbiketa larunbatean izango da, martxoak 16, 11:00etan hasita.

Antolatzaileek dei egiten diete herritarrei, ekimen honekin bat egin dezaten eta larunbatean hondartzara azal daitezen, garbiketa auzolanean egiteko. Azaltzen diren guztientzat hamaiketakoa izango da, behin lanak amaitu eta gero.

Surfrider talde ekologistak antolatzen du urtero garbiketa egun hau. Mundu osoan egiten du deialdia eta Europan oso hedatuta dago dagoeneko. Hondartza, laku eta ibaiak garbitzeko deialdia izan ohi da. Hemen beheko helbidean ikus daiteke zenbat tokitan egingo den garbiketa:

http://www.initiativesoceanes.org/

Egun horretan egiten den garbiketa bezain garrantzizkoa da, hala ere, ekimenaren bitartez lortzen den sentsibilizazioa. Mundu osoan eta egun berean milaka pertsona hondartzak garbitzeko elkartuta, komunikabideetan eragin nahi dute antolatzaileek, gaiari garrantzia eman diezaioten.