‘Iñigo ta biyok, Gozategiz’ ikuskaria izango da kultur etxean martxoaren 18an

Gozategi taldea 1992an sortu zen eta, beraz, datorren urtean beteko ditu 25 urte. Hori dela-eta, ikuskari bat prestatu dute, Lankuren laguntzarekin, herritarrei urte hauetako guztietako esperientzia kontatzeko eta, nolabait, ikusleekin partekatzeko bide horretan bizi izandakoak.

Ikuskarian Iñigo Goikoetxeak eta Asier Gozategik parte hartuko dute eta bertan, kantatu ez ezik, hitz egin ere egingo diote herriari. Taldekoek esaten dute maitasun handia jaso dutela plazaz plazako ibilbidean, batez ere azken urteotan, eta horrek eman die hauspoa ikuskari hau ontzeko.

Ikuskariaren gidoia Jon Agirresarobek prestatu du. Berak esana da: “‘Heldu eskutik’ oihukatu izan du Iñigok; Asierren kalejira baten lehen notak entzunda ez baitago laguna aukeratzen aritzerik. Musikak erakutsi digu, erromeria batek, kontzienteki bikote bat sortu daitekeela; eta ustekabean, herria”.

Sarrerak salgai kultur etxean

Gozategiren ikuskarirako sarrerak kultur etxean daude salgai, 5 euroko prezioan. Martxoaren 18an izango da, ostiralarekin, 22:30ean hasita.

Udalak 120 sarrera jarri ditu salgai eta dagoeneko eros daitezke. Interesa dutenek, beraz, hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea.