Kantukolore taldeak AMETSEN URTEBETETZEA ekitaldia emango du haurrentzat apirilaren 25ean

Kantukolore taldeak haurrentzako ekitaldia emango du Orion apirilaren 25ean, igandearekin: AMETSEN URTEBETETZEA. Ekitaldia 18:00etan izango da, Karela kiroldegian. Sarrerako ateak 20 minutu lehenago irekiko dira.

Ekitaldirako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 220 sarrera baizik ez daude saltzeko eta datorren astelehen arratsaldetik aurrera erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.

Kantukolore taldea

Kantukolore taldea osatzen dutenek eskoletan landu nahi izango lituzketen kantak sortzen dituzte. Haurrek musikaren bitartez ikasten dutela baliatuta, eduki jakin batzuk barneratzeko kantak proposatzen dituzte; hau da, abesti didaktikoak, gaur egungo gaiei buruzkoak. Musika eta dantza dute gai horiek lantzeko abiapuntu, eta horien bidez lortzen dute haurrekin komunikatzea.

Taldearen emanaldietan haurrak dira protagonista eta parte hartze aktiboa izaten dute. Familiarekin eta lagun giroan gozatzeko ekitaldi inklusiboak dira.

Ametsen urtebetetzea

Kantukolore taldeak Orion aurkeztuko duen emanaldia AMETSEN URTEBETETZEA izenekoa da.

Ametsen urtebetetze-eguna da eta bere lagunek ezusteko festa bat prestatu diote. Amets bere urtebetetzea ahaztu dutelakoan dago, baina azkenean berak emango die lagunei ezusteko galanta…

Taldearen lehen filmean oinarrituta, ikuskizunak zuzeneko musika du eta dibertitzeaz gain, hainbat balore lantzen ditu: solidaritatea, adiskidetasuna, besteenganako errespetua…